Ondorengo hilabeteak
Inaugurazio-ekitaldiak 1913ko urtarrilaren 25ean egin ziren, larunbatean. Oturuntza egin zuten, sei plater, bi azkenburuko, gazta eta frutarekin. Alderdi gastronomikoaren arduraduna Monsieur Caverivière izan zen. Ospakizunek urtarrilaren 27an, astelehenean, eta urtarrilaren 31n, ostiralean, jarraitu zuten, dantzaldia eta kontzertua egin baitziren, hurrenez hurren. Urtarrilaren 30ean, ostegunean, Sociedad Bilbainaren Batzar Nagusia egin zen, erakundean egin ohi zen moduan.
1913an, udalerriko biztanleak 95.609 ziren jada, eta udal-aurrekontua 10 milioi pezetakoa zen. Athletic Club taldeak San Mames zelai berria inauguratu zuen abuztuan, eta Sociedad Bilbainak ere horretarako alea jarri zuen.
Hurrengo urtean, Sociedad Bilbainak 1.000 bazkideko langa gainditu zuen. Gerra Handiak, mende horretako gertakari odoltsuenak, onura gehiago ekarri zizkion Sociedad Bilbainari kalteak baino, Espainiaren neutraltasuna tarteko.
Egoera ekonomiko oparoari esker, Sociedad Bilbainak erruleten joko-areto bat ireki zuen arrakasta handiz 1918an. Areto horrek, iraun zuen bitartean, irabazi handiak ekarri zizkion erakundearen diru-kutxari.
Sociedad Bilbainaren kudeatzaileek, Vicente Eulate jauna buru zela, bikain asmatu zuten irabaziak kulturako eta ongintzako jardueretan inbertitzean. Egoera horri eta liburutegiko kide Álvaro Cortázar jauna (gizon oso jantzia eta liburuzale amorratua) izendatzeari esker, erruletako irabaziak Bilboko erakundeak gaur egun oraindik badituen altxor bibliografiko bihurtu ziren. Besteak beste, zenbait inkunable, edizio printze bilbotarrak eta XVIII. mendeko kartografiako maisulan batzuk. 1920an, liburutegiak 14.616 liburuki izan zituen, eta 10.000 izenburu inguru. Urte horretan, Sociedad Bilbainak 117 langile zituen.
Euforia, ordea, efimeroa izan zen. Horrela, 1921eko Memoriak lehenengo abisua eman zuen, “estutasun eta neurritasuneko urteak” aipatu baitzituen. Krisi ekonomikoaren ondorioz, diru-sarrerak murriztu ziren, eta plantillako 16 langile kaleratu behar izan ziren lehenengoz.
1913an, Primo de Rivera jeneralak diktadura ezarri zuen Espainian, 1930era arte. Bazkide kopurua murrizten hasi zen hamarkada horretan guztian eta hurrengoan.
1924an diktadurak ezarrita joko-aretoak debekatu ziren; gertakari horrek berriro kolpatu zuen Bilboko elkartearen ekonomia.
1931n, Espainiako monarkia erori zen, eta Bigarren Errepublika heldu zen. Ezegonkortasun sozial eta politikoko aldi bati ekin zitzaion, eta Gerra Zibilean amaitu zen (1936-1939).
Sociedad Bilbainak berehala jasan zuen gerra-egoeraren eragina. Bilbo eta probintzia gobernu konstituzionalarekiko leial mantendu zen eremuan zeuden. Errepublikako udal-ordezkariek, zeinaren gobernuak gehiengo ezkertiarra zuen, errezeloz begiratzen zioten elkarteari.
Bi egun besterik ez ziren igaro (1936ko uztailaren 20a) honako hauek agindu zirenean: Geltokiko kaleko etxadia inguratzea, elkarteko portalearen aurrean metrailadore bat jartzea eta eraikinean sartzea, areto guztiak erregistratzeko eta bertan zeudenak identifikatzeko.
Eraikina konfiskatu egin zen, eta bertan, Gobernu Zibila ezarri zen (1936ko abuztuaren 7tik irailaren 12ra), baita CNT (1936ko irailaren 26tik urriaren 28ra), Euskadiko lehen Gobernuko Gobernu Sailburutza (1936ko urriaren 28tik 1937ko ekainaren 17ra) eta, azkenik, FET de las JONS ere (1937ko ekainetik uztailera).
Okupatzaile horiek guztietatik kalteak bakarrik jaso zituen Sociedad Bilbainak. Pixkanaka, maizter bakoitza bodega eta janaritegia xahutzen joan ziren. Miliziano talde baten esku geratu zen eraikina Euskadiko Gobernuak aginduta, eta haren zaintzapean, lokalak arpilatu zituen nahieran erretiratu baino bi egun lehenago. Gainera, Basasen arabera, “udalerriaren askatzaile euforikoak Sociedad Bilbainaren lokaletan sartu ziren lapurretara eta kalteak eragitera”.
Luis Arana buru izanik kargua utzi zuen batzarraren memorian “jasandako galerak, lapurretak eta kalteak” aipatzen dira, eta baxerak, beirateriak, ohe-jantziak eta jantokiko jantziak desagertu zirela zehazten du, baita jantokiko mahaiak, presidentearen bulegoko altzariak eta bertako altzari eta tresneria ugari ere.
Tomás Bilbao bazkide eta arkitektoaren jokaera argi eta ausartari esker, elkartearen liburutegia osorik salbatu zen (agian, horregatik, edo, agian, lapurrak ez zirelako letra-zaleak?).
1937ko azaroaren 14an, normaltasuna berreskuratu ondoren, Sociedad Bilbainak ateak ireki zituen berriro. Elkarteak zituen lankideen erdiak geratu ziren, eta 900 bazkide baino gutxiago zituen.
Egoera hain estu horretan, elkartea 1939an betetzen zuen mendeurrena lantzen hasi zen. Ekitaldien programa oso apala izan zen: urriaren 14an meza bat egin zen San Nicolasen, oroitarri bat jarri zen eta Sánchez Mazas doktoreak hitzaldi bat eman zuen. Biharamunean, festa bat egin zen 600 pertsonarekin, baina ez dago horren aipamenik prentsan.
1939an, Bilbok 207.526 biztanle zituen eta Udalaren aurrekontua 24 milioi pezetakoa zen.
Jarraian, egoitza berria inauguratu zenetik igarotako 26 urteetan izandako barneko gertakari interesgarri batzuk agertzen dira laburtuta.