Liburutegia eta Hemeroteka
Sociedad Bilbainaren katalogo automatizatua
Elkartea bera eratu zen unean sortu zen liburutegia, eta 1839an idatzitako lehen estatutuen 1. artikuluan adierazten denaren arabera, “elkartearen xedea irakurketa eta olgeta da”. Hasiera batean, “irakurketa-gabinete” edo “irakurketa-areto” bat izan zen, eta pixkanaka garrantzi handiagoa hartu eta liburutegiaren eta hemerotekaren hazia izan zen.
Liburutegia hartzen joan zen garrantziaren erakusgarri da 1846an, Elkartea sortu eta zazpi urtera, Batzar Nagusiak "Liburutegia osatzen duten liburuen katalogoa" egitea erabaki izana. Gaur egun, 1992an hasitako katalogo automatizatua, funtsezko tresna da Elkartearen liburutegiaren bilduma ezagutzeko, erregistro bibliografikoak eta 40.000 obrak baino gehiagok ataletan duten kokapena adierazten baititu.
Liburutegiko aleei dagokienez, azpimarratzekoa da XV. mendetik XIX. mendera bitarteko lan nabarmenak biltzen dituen antzinako funtsa, askotariko gaiak lantzen dituena: artea, zientziak, historia, kartografia, literatura, etab. Halaber, nabarmentzekoa da 1955ean inauguratutako Euskal Atala, euskal gaiei buruzko argitalpen bikainenak jasotzen dituena.
Liburutegiaren funts hemerografikoa aldizkako argitalpenen 700 izenburuk baino gehiagok osatzen dute; horietatik 120 Euskal Atalekoak dira, 380 inguru Atal Nazionalekoak eta 200 inguru Atzerriko Atalekoak. Aldizkari eta egunkarien funts bikain horrek agerian uzten du La Bilbainako bazkideek Elkartearen hasieratik kultura eta informazioarekiko zuten interes handia eta ematen zioten balio izugarria.
Egun, Sociedad Bilbainaren liburutegi-hemerotekak kultur ondare esanguratsua du, Elkartearen 185 urteko bizitzan bazkideek izan dituzten kezkei eta jarraikitasunari esker lortua. Esan daiteke Elkartearen funtsak La Bilbainaren antzeko Europako kluben artean nabarmenenetakoak direla.